Egunotan kaleratu da Kokein talde gipuzkoarraren hirugarren lana. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren babesean, hamaika kantu berri eta pasa den urtean grabatu zen zuzeneko akustikoa batzen ditu CD-DVD formatuko lanean. Musikalki aurreko bidearen jarraipena izan daitekeen lanak baditu ñabardura zenbait. Gitarren presentzia areagotzearekin batera, giro rockeroagoetan murgildu dira eibartarrak. Diskoa SGAEtik kanpo eta Creative Commons lizentziapean argitaratu da. Haritz Lete taldeko bateria jotzailea izan dugu mintza lagun.
Aurreko grabaketa guztietan Rafa Rueda izan duzue lagun diskoaren grabaketa eta produkzioan. Honakoan, taldearen (eta Xanperen) esku utzi duzue lanketa hori. Egun ideiak oso argi dituzuen seinale.
Lokalean lan asko egin dugu oraingoan ere: maketak grabatu ditugu eta kantuak nolakoak ziren aztertzeko balio izan digu; abesti bakoitzaren irakurketa egitea izan da egin dugun ariketarik handiena. Kantuak estudiora sartu aurretik sortuak eta landuak zeuden; ondoren, estudioan ideia gehiago erantsi dizkiogu. Gauzak probatzeko eta esperimentatzeko gogoa geneukala esan daiteke. Teknikaren arloan, Xanperen laguntza beti bezain lagungarria izan da nahi genituen giro eta soinu batzuk bilatzeko, baina, horretan ere, guk inoiz baino esku gehiago sartu dugu, Xanpek eta biok hartu baitugu erantzukizun hori.
Diskoak Kokein taldearen zigilua darama dudarik gabe; inoiz baino rockeroago sumatzen da taldea. Gitarren presentzia nabarmenagoa da, ordea; indartsuagoak dira.
Alde batetik, zigilua izatea ona dela deritzot, erreferente bat badagoela esan nahi duelako. Ziurrenik, Zaloaren ahotsak du horretan zerikusirik handiena, baina gitarrek ere badute beren pertsonalitatea. Ikerren jotzeko moduak oinarria gehiago lantzen du, pisua eramaten du eta kantua hobeto sostengatzen da; Txitxesek, berriz, detaileak gehiago lantzen ditu eta bien arteko jolasa irudimentsuago bihurtzen du. Jotzeko oso modu ezberdinak dituzte, baina kimika sortzen da.
Alta, diskoa irekitzen duen lehen kantuak entzulea zur eta lur uzten du? kantu bitxia aukeratu duzue diskoa zabaltzeko.
Batek baino gehiagok esan digu, eta, alde batetik, ulergarria da, orain artean ez baikenuen horrelakorik egin. Guk hasieratik argi genuen hori izango zela diskoa irekiko zuen kantua, zulo batetik hasiko balitz bezalakoa baita, gero azaleratu egiten dena. Ilun hasi eta ilun bukatzen den diskoa da, baina tartean aurki daitezkeen kantuak askotarikoak eta ezberdinak dira. Bidaia baten antzekoa da disko hau, musikaren herrialde zenbaitetan zehar eginiko bidaia.
Diskoa SGAEtik kanpo eta Creative Commons zigilupean kaleratu duzue, eta hori guztia, berriz ere, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen babesean. Ez da oso ohikoa zenbait disko dituen talde batek pauso hori ematea; aukera ausarta iruditu zait.
Bai, aukera ausarta da, alde batetik gauzak SGAErekin egitea erosoagoa delako. Baina horrek SGAEren politika onartzera behartzen zaitu. SGAEk eta halako bitartekariek dirua jaso izan dute gure kontura, eta ez dugu hori gertatzerik nahi, nahikoa diru lapurtzen dute disko gogor, cd huts, eta abarrekin? gu ez gaude horretarako prest. Gaur egun copyrightak jartzea jendeak musika kopiatu ez dezan absurdoa da. Ez dugu horien konplizeak izan nahi. Gainera, CC lizentzia lizentzia justua dela uste dugu, batez ere musika zabaltzeko. Eskatzen dugun gauza bakarra zera da: norbaitek erabiliko badu, obra norena den esatea, obraren deribatuak lizentzia berarekin ateratzea eta, erabilera komertziala izango badu, gure baimenarekin egitea. Azken finean zure obraren jabea izateko modu bakarra dela uste dugu CC.
“Mundu margotu berri bat” diskoak kontzertu akustikoa batzen duen DVD lana ere badakar. Kokein taldearen bertze aldea erakusten du; lasaiagoa, intimoagoa.
Giro lasaiak eta intimoak gustukoak ditugu, baina taldea “biluztearen” ideiak ere asko erakartzen gintuen. Instrumentu eta soinu askoz ere gordinagoa erabili genuen (gitarra eta baxu akustikoak, bateria set simplea?) eta horrek ikasteko balio izan digu. Aspalditik izan dugu ideia hori bueltaka, baina hasiera batean ez geneukan pentsatuta noiz egingo genuen, horrela suertatu zen. 10 kontzertu egin genituen soilik, eta jende gehiagori erakustea nahi genuen. Hori izan da Elgetako kontzertua grabatu eta DVD bat egitearen arrazoia.
Eta, izenburuari helduz: Mundu ilun batean bizi garen arren, ikusten dira argi izpiak. Nolakoa da Kokeinek ikusten duen mundu margotu berri hori!
Gure mundu margotu berria diskoan aurkitzen diren kantuak dira. Epe jakin bateko taldearen isla da, momentuan sortutako mundu bat. Errealitateari nahiko atxikirik dagoena.
Diskoa kalean da dagoeneko. Zuzeneko emanaldiek, ordea, hilabete batzuk itxaron beharko dute.
Otsailaren erdialdean ekingo diogu kontzertuak eskaintzeari. Gogoz gaude zuzenean aritzeko jada, baina, Zaloaren amatasuna dela-eta, lasai hartuko ditugu gauzak. Orain honetaz disfrutatzea tokatzen zaigu, zuzenean hasi aurretik ezingo baikara hasi beste gauza batzuetan pentsatzen, ez?