GARA Eibarko Kokein taldeak aurkezpen diskoa atera du

**”Kokein” lanean sei abesti eta bideoklip bat bildu dituzte**

Kokein taldeak aurkezpen diskoa kaleratu du, lan konpaktoa eta rock estiloari lotua. Taldea 1999an sortu zen eta epe horretan bi maketa egin dituzte, baina hau dute lehenengo diskoa, hau ere “Kokein” izenekoa. Gaztelupeko Hotsak disketxearekin atera dute eta Rafa Rueda izan dute ekoizpen lanetan. Diskoa datorren igandean aurkeztuko dute zuzenean, Eibarren.

**DONOSTIA**

Eibarko harrobiaren azken emaitza dugu Kokein taldea. Hala diote Gaztelupeko hotsak disketxekoek, izen bereko disko motza argitaratu dutenek. Zaloa (ahotsa), Jatsu (gitarra eta baxua), Txitxes (baxua, gitarra eta koroak) eta Lete (bateria eta koroak), Kokein taldea osatzen duten lau partaideak, ez dira hasiberriak musikagintzan. Luther, Ehun kilo, Kukka eta Kafha taldeetan ibiliak dira, baina 1999an hasi ziren (Lete 2000. urtean) elkarrekin jotzen, eta, orduz geroztik, Kokein izenarekin bi maketa eta diskoa grabatu dituzte.
“Kokein” lanean sei abesti eta bideoklip bat (“Zutaz oroitzen”, Haimar Olaskoagak zuzendua) bildu dituzte, nahiz eta hasieran 16 kantu zituzten. Emaitza ona lortzeko materiala landu nahi zuten, «gauzak ondo egiteko denbora behar genuen eta sei abesti kaleratzea pentsatu genuen», azaldu zuten musikariek beren lanaren aurkezpenean.

«Disko konpaktoa, homogeneoa eta koherentea egiten saiatu gara», esan zuen Lete bateria-jotzaileak. Melodiak eta doinuak lantzen dituen taldea da, rock estiloari lotutako erritmoekin, eta bidean hainbat laguntzaile izan dute. Horietako bat Rafa Rueda PiLT taldeko abeslaria izan da, ekoizpen artistikoaren ardura hartu duena. Lehenengo entseguetatik berekin lan egin du rock estilo hori zehazteko, hasieran estilo gehiago jotzen baitzituzten. «Gure ibilbidea loratu dugu, genituen aukeretatik bat hartu», azaldu zuen Jatsuk. Andoaingo Garate estudioan grabatu dute lana eta PiLTko Haritz Harregik nahastu du.