Musika, mundu bat margotzeko

“Mundu margotu berri bat” da Kokein taldearen azken lana, eta zuzeneko dvd batek lagunduta dator

«Tarte bat hartu dugu disko berri hau egiteko, kontzertuak ematen eta abesti berriak egiten ibiltzea gehiegizkoa zelako. Elgetako akustikoa grabatu ostean, bertan ikasitakoarekin eta emandakoarekin gustura geratu ginen eta Mundu margotu berri bat diskoko abestiak egiten hasi ginen. Hori biltzen da lan berri honetan, denbora tarte honetan gertatu zaizkigun gauzak eta sentimenduak islatzen ditu». Horrela laburbildu du Zaloak, Kokein talde eibartarreko abeslariak, Mundu margotu berri bat (Gaztelupeko Hotsak, 2007) argitaratzeko egindako lana. Berak esan bezala, lan berri hau Elgetako Espaloia kafe antzokian 2006an grabatutako kontzertu akustikoaren DVDak lagunduta dago. DVDa Lotuta egon arren (GH, 2004) aurreko diskoko abestiez osatuta dago eta Maite Arroitajauregi biolontxelo jotzailearen laguntzaz egindakoa da. «Akustikoarekin asko ikasi dugu, aurreko diskoko abestiak erabat biluzi genituen eta horrek bide berriak zabaltzen lagundu digu. Beste estilo batzuk jorratu ditugu eta disko berriko abestiak ere beste era batean jotzen ikasi dugu», jarraitu du Zaloak. «Lan horri esker, disko berriko abesti
bakoitzari bere lekua ematen saiatu gara».

Kolorez betetako mundu bat bai, «baina iluntasuna ere ikusi dugu», azaldu du Iker Kokein taldeko gitarra jotzaileak. Kokeinen betiko «gordintasunari eta barrura begiratzeari» ere erantzun dio disko berri honek. «Hausnarketa musikala egiteko ere balio izan digu», azaldu du gitarristak. Jatsu baxu jotzaileak ere badu zer esana: «Jendeak uste du mundu margotu berri batek polita izan behar duela, baina ez du zertan horrela izan. Ez da polita, ezta zatarra ere; berria da eta orain margotu dugu, gaurkoa da». Badirudi Eibarko taldea heldutasun musikal batera ailegatu dela disko berri honekin. «Egia da azken diskoa desberdina dela, aldaketak daude, baina era berean Kokeinen lehengo nortasuna eta ezaugarriak gordetzen ditu», azaldu du Lete bateria jotzaileak. «Iluna da, gordina da eta nahiko errealista ere bai. Hala ere, aurrera begiratzen dugu, argitasun bila», jarraitu du musikariak. Gordintasun horren inguruan Kokeinek bere ekarpena egin nahi izan du eta lan istripuen inguruko abesti bat bildu dute diskoan: «Errealitateak baduelako bere iluntasuna. Gizarteak duen errelitate gordin horretaz hitz egin dugu».

Kokeinen lan egiteko modua lokaletik hasten da, «gitarra batetik edo baxutik», gero denen artean abestia garatzeko. «Kantuen hitzei dagokienez ere, berdin. Disko honetan, agian, oso nabaria da denon parte-hartzea. Lana banatu egiten dugu. Normalean, maketa antzeko batzuk eta lokaleko entseguak grabatzen ditugu, ideiak izateko eta abestiak kanpotik ikusteko», azaldu du Letek. Abuztuan estudioan sartu zirenerako abesti guztiak eginak zeuden. Rec Donostiako estudioetan grabatu dute, Xanperen (PILT) ekoizpenarekin lagunduta. «Kantu bakoitzari bere izaera ematen saiatu gara, nortasun ukitu bat», azaldu du bateria jotzaileak, eta, bestetik, «beldurra galtzen» saiatu direla gaineratu du Zaloak. «Hala ere, estudioan aldaketak egin ditugu, abesti bakoitzari bere bidea egin dezan utzi diogu», dio abeslariak. «Aurreko lanen esperientziak lagundu gaitu, baina beste gauza batzuk probatzeko aukera ere izan nahi genuen», esan du Letek. «Gainera, denbora izan dugu. Aurreko lanak ere Xanperekin grabatu ditugu eta erabateko konfiantza dugu harengan. Gauza asko lortzen lagundu digu». Ikerren aburuz, merezi izan du grabazioan buru-belarri aritzea, interesgarria izan da taldearentzat ere. «Horren emaitza 45 minutuko bidaiatxo hau da».
Musikaren industria krisian dagoela dioten honetan, entzuleen erantzunak kezkatzen ditu gehien. Jatsuren ustez, gurean beti izan da musikarako zaletasuna. Arazoa entzuleen aldetik datorrela dio: «Jende gutxi ibiltzen da kontzertuetan dagoen eskaintza zabala kontuan hartzen badugu. Euskal Herrian 60 bat disko egin daitezke batez beste, baina ez dakit nork entzuten dituen, nahiz eta gauza interesgarri piloa egiten den».

Gauza interesgarriak egiteko, sormena ez omen zaio falta Kokeini. Horixe dio behintzat Letek. «Ezin duzu esan eraginik ez daukazunik» eta kanpora begiratzea ere «osasuntsua» dela dio Zaloak. «Denak gara musikazaleak, baina oso gustu ezberdinak ditugu. Musika asko entzuten dugu eta horren nahasketa izan daiteke gurea» , azaldu du. «Azken finean, rock-and-rolla» , gehitu du Ikerrek. Hala izan bedi, betiko.