Rockeroagoa, distortsionatuagoa.

(Berria 2007-11-27)

Mundu margotu berri bat hirugarren diskoa kaleratu du Kokeinek, orain arteko parte-hartzaile eta irekiena

arantzazu muñoa

Donostia

Kobazulo ilunean sartu, kolorezko galeriak igaro eta amaiera beltzera iristen den bidaia egin du Kokein taldeak Mundu margotu berri bat disko berriarekin (Gaztelupeko Hotsak). Hirugarren diskoa du eta orain arte egin duen «lanik irekiena», taldekideen esanetan. Jatsu Argarate (baxua), Ruben Txitxes (gitarra), Zaloa Urain (ahotsa), Xabier Lete (bateria) eta Iker Saenz de Zaitegik (gitarra) osatzen dute taldea./p>

Aurreko bi diskoak Rafa Rueda musikari eta ekoizlearen aholkupean eta gidaritzapean egin zituen. Oraingoan, berriz, sortze, grabatze eta ekoizte prozesu guztia bere gain hartu du taldeak. Aurreko abuztuan hasi ziren diskoa grabatzen eta bi asteren ondoren geldialditxo bat egin zuten: «Abestiak nola gelditu ziren ikusi nahi genuen, gero azkeneko ukituak emateko», azaldu du Xabier Lete bateria jotzaileak. Urrirako hamaika abestiko diskoa pronto zeukaten. DVD bat ere egin zuten diskoarekin batera kaleratzeko: 2006 urte hasieran Elgetako Espaloia kafe antzokian emandako kontzertu akustikoa erakusten du.

Aurrekoak baino disko rockeroagoa eta distortsionatuagoa egin du Kokeinek. Zabaldu egin du musika esparrua eta trash-metal, post-hardcore edota stoner doinuen zertzeladak nabari dira lan berrian: «Konplexurik gabeko diskoa da. Geure buruari esaten genion beldurrik gabe jokatu behar genuela, eta horrek jolas egiteko aukera handiagoa eman digu», dio Letek. Abesti bakoitzak nolakoa izan behar zuen ikusten saiatu dira taldekideak eta kantu bakoitzari eskatzen zuena ematen. Horretan orain bost urte hasi zirenetik hona bilakaera ikusten dute.

GUZTIEN HITZAK. Musika nahiz hitzak osatzerakoan taldekide guztiek hartu dute parte, «inoiz baino gehiago». Kokeinek diskoan margotutako mundua ez da fantasiazkoa, errealitateari estu lotutakoa baizik: egunero langileak hiltzea baimentzen duen errealitatea da (Gaur goizean), etorkinei etorkizuna ukatzen diena (Ate joka), giza harremanen gizatasun galtzea dakarrena (b612 Asteroidea) edota gizakia bakardadearen aurrean jartzen duena (Bakardadea naizenean). Horregatik guztiagatik itxaropenari heltzen dio Kokeinek (Esperanza) eta momentua bete-betean bizitzeko deia egiten du (Aukera, Segundu bat).

Abestien ordena diskoan zainduta dago. Ordena koherente bat jarraitu du Kokeinek: «Askotan diskoak orden aleatorioan entzuten dituzu, baina disko honek akaso merezi du entzunaldi oso bat hasieratik bukaerara», argitu du Letek. Begiratu batean, disko iluna dirudi Mundu margotu berri bat-ek. Hori islatzen da azaletik bertatik: bi pertsonaren itzalak ageri dira hondo beltzean xaboizko ponpak egiten. Hasierako doinuek ere badute halako belztasun bat, baina taldekideen arabera, diskoaren barruan kolore askoz osatutako mundua dago, taldearen garai jakin bat islatzen duena. Horri zor zaio diskoaren izenburua ere.

Leave a Reply