BIZKAIE : musikea da gure askatasuna

Eibarreko Kokein taldeak ‘Lotuta egon arren’ diskoa plazaratu barri dau, taldearen bigarrena. Urtebeteko lanaren frutua da diskoa eta intimidadetik gai sozialagoetara, protestara egin dau salto taldeak, zeozelan askatasunaren aldarrikapena eginaz.

1.- Lotuta egon arren, zer?

Lotuta egon arren, aurrera jarraitu behar dogula, horixe hain zuzen be, geldi edo gora begira egotea ez da bidea. Bai norberak ahal dauan neurrian eta bai gizarte mailan, suertetan jakuzan trabei aurre egiteko kapaz izan behar gara. Horixe izan da diskoan islatu gura izan doguna musikeagaz eta berbakaz.

2.- Askatasunaren aldarrikapena egiten dozue eta jarrera baikorra igarten jatzue. Oro har badagoz motiboak baikor egoteko?

Geure amesak lortzeko bidean, bigarren diskoa atara dogu eta ez da gitxi; gura doguna egiten gabiz eta gustoko dogun musikea egiten eta gura doguzan, inguratzen gaituen eta bizitzen doguzan gauzetaz berba egiten. Jente ugari dabil gauza bera egiten arlo desbardinetan. Ez al da hori baikor egoteko nahikoa arrazoi? Guretzat sano aberasgarria da errealidadea ikusi eta geure erara ezagutarazotea musikearen bitartez.

3.- Orain bost bat urte, taldea sortu zanetik gorabehera handiak bizi izan dozuez eta taldekideen joan-etorria be nahiko esanguratsua izan da. Kaltegarria izan da hori taldearentzat?

Ez, erabat kontrakoa. Bidean lagun ugari itxi doguz, barriak egin eta beste batzuk be egingo doguz seguru. Bizi guztirako lagunak dira danak. Beti aberasgarria da guretzat jentea ezagutzea eta eurekaz horrenbeste gauza bizitzea. Ganera, ikasten joan ahala gure musikea aldatzen joan da eta hori prozesu naturala dalakoan nago; holan jarritzea gurako neuke, seinale ona izango litzateke.

4.- Urtebetean 60 kontzertu baino gehiago emon ostean, aurten marka hori bardintzea edo gainditzea izango da asmoa…
Ez litzateke txarto egongo. Zuzenekoetan gozetan dogu eta taula gainean norberak disfrutau ezkero, aukera gehiago dago zaletuak be pozik eukiteko eta hor gabiz; ganera, gurean, Euskal Herrian kontzertu ugari emotea beti da onuragarria, danontzat.

5.- Luther, Ehun Kilo eta Kukka lako taldeetatik zatoze eta oraintsu taldean sartu dan Iker Julio Kageta eta PAMetik. Koktel horretatik abiatuta, zelan definiduko zeunke zuon musikea?

Bihotzetik bihotzera egiten dogun rock-a, musikea oro har; dana dala, horrenbeste burukominik ez deusku emoten definizinoarenak, hori gehiago da kazetarien kontua.

6.- Diskoan pare bat kolaborazino izan dozuez, horreetako bat produkzino beharraz arduratu dan Rafa Rueda…

Aurreko diskoan be eurekaz lan egin genduan eta maisu onak izan ziran guretzako, asko ikasi genduan eurekaz. Beraz, bigarren honetan daborduko lagun handia dan Rafagaz lan egitea nahitaezkoa zan, ez geunkan ezelako dudarik. Garrantzitsua iruditzen jakun haren ikuspegia, taldetik zeozelan kanpoan dagoan lagun baten ikuspegia eta ekarpena. Beste horrenbeste pasau jaku Xampegaz be. Ezinbestekoa izan da beraren beharra geuk gura genduan giro egokia lortu ahal izateko grabazinoan.

7.- Bideoklip bat be sartu dozue diskoan. Beharretik hanka egiten dozu baserri eder batean ensaio-jai erraldoia egiteko. Musikea da askatasuna baina musikeak be zeozelako loturea dakar, ezta?

Zerk ez dakar loturarik mundu honetan? Benetan gogoz egiten dogun zeozer da eta nahiz eta askotan gogorra izan laguntza ugari daukagu inguruan. Taldeko partaideez aparte, lagun ugari dagoz beti gu animetan eta laguntzen eta horrek indarra emoten deutsu momentu gogorretan aurrera egiteko; horreek barik Kokein taldea ez litzateke existiduko.

8.- Emakumeak buru agiri dira gaur egun musika talde askotan. Kokein taldearen kasuan, berezko kontua da zeu izatea abeslaria ala apropos erabagitakoa?

Honeek kontuak naturaltasunez hartu beharko litzatekezala uste dot. Nik hasieran ez neban erabagi Jatsu eta Txitxes mutilak izan behar ziran ala ez. Persona bi topau nebazan musikeagazko neurearen antzeko pasinoa sentiduten ebenak eta sexuari ez neutson jaramonik egin. Zer dala eta aukeratu beharko leukie eurek ni neska izatea edo ez? Personak gara musikea egiten dogunok eta ez lau mutil eta neska bat. Egunen batean holako galderarik ez erantzun beharra izango litzateke nire asmoa, ez deutsat eta ezelako zentzurik hartzen.

9.- Martian Wagram diskoetxeak kaleratutako Basque Planet, euskal talde eta bakarlarien bilduman be parte hartu zenduen Lisabo, Sorkun, Jousilouli, Berri Txarrak, Anari eta beste batzuekaz batera. Zelako esperientzia izan zan?

Hasibarria, ikasten eta gozetan jarraitzen dauan talde batentzat beti da pozgarria musika munduan urteetan dabilzanek gure beharra eta ekarpena kontuan hartzea eta baloretea eta, esangura horretan, gustoko doguzan beste talde askogaz batera bilduma batean agertzea, benetan esperientzia ederra izan da. Atara kontuak, bildumarako aukeraketearen ardurea Fermin Muguruzarena izan zan!.

10. Diskoa aurkezten hasita zagoze. Hurrengo kontzertuak Zeberion (zemendiaren 13an) eta Gernikan (zemendiaren 19an) egingo dozuez. Igaz gelditu barik ibili zarie, gitxienez astero kontzertu bat eginaz. Musikatik bizitzea posible da gaur egun Euskal Herrian?

Une honetan musikeak ez deusku jana mahaian iminten eta ez dakit hori posible dan Euskal Herrian ezta gogoko izango genduan be. Edozelan be, bihar-etzi batek daki non egongo garan eta zer egiten.

Deja una respuesta