NABARRA Kokein, belarritik sartzeko doinuak

**NABARRA**
2003/05
26.ZKIA
Belarritakoa
**Gontzal Agote**

**Eibarko taldeak sei abesti eta bideo bat bildu ditu bere lehen diskoan**

**Aspaldian abestu zuen esku motela omen duen Eric Claptonek Cocaine izeneko kantua, gerora rock entziklopedia gehienetan agertzen dena, baina, nahiz eta abesti hori ezagutzen duten, ez da hori Eibarko talde berri honen izenaren jatorria. Besterik gabe, fonetikoki egokia iruditu zitzaien hitza eta, ingelesetik aldenduz, gure moldera ekarri zuten: Kokein. Izen bereko disko txikia eman dute argitara Gaztelupeko Hotsaken eskutik, azkenaldi honetan euskal musikak eman duen ezusterik atseginenetakoa.**

Berez taldearen historia nahiko arrunta da, Aritz Lete bateriajoleak azaldu digun moduan.”Kokein orain dela lau urte sortu zen, Zaloa, Txitxes, eta Jatsu elkartu zirenean; gero beste bateria bat batu zitzaien, baina azkenean, horrek taldea uztea erabaki zuenez, 2000. urtean ni neu hasi nintzen baterian. Orduz geroztik laukote gisa funtzionatu dugu eta duela gutxi laukote izatetik boskote izatera pasa gara, gitarra-jole berri bat hasi baita gurekin”.

Eta plazara iazko urte amaieran atera ziren, Durangoko zaparradaren erdian aurkeztu zuten lanaren bitartez. Sei kantu eta bideo bat bildu dituzte disko txiki horretan, gauzak nola dauden eta jendearen harrera zein zen probatzeko atera zutena, “talde berria gara eta disko txiki batekin hastea zer dagoen ikusteko nahiko modu ona zela iruditu zitzaigun”. Izan ere, gauza jakina da ez direla garai onenak musika-sortzaileentzat, diskoetxeak oso zuhur ari dira jokatzen eta entzuleengana ailegatzea gauza zaila da, are gehiago talde hasiberrientzat. “Entzuleriarengana heltzeko zuk joan behar duzu, jendea ez dago ohituta gauza berriak bilatzen, ia-ia dena eman behar zaio eskura eta horrela jende gehienak gauza segurura jotzen du, asko entzuten den musikari horiengana jotzen du. Baina hori aldez aurretik bagenekien eta ahal dugun moduan ari gara borrokatzen, Kokeinen musika edonora eramaten”.

Haien musika ezagutarazteko garrantzi handia dute zuzeneko kontzertuek eta hori momentu honetan Kokeinen zereginik inportanteena, azken hilabeteotan jo eta su ari dira kontzertuak eskeintzen. Diskoan, irudi aldetik formatu erakargarria izanik, sei kanta baino ez dituzte bildu, baina zuzenekoetan kanpoan gelditu diren hainbat eta egunetik egunera sortzen dituzten berriak ere aurkezten ditu boskoteak. Orain arte Kokeinekoek ez dute kexatzeko motibo askorik, ez baitira gutxi ematen dituzten kontzertuak. “Gogoa jartzen ari gara, zuzeneko emanaldietan, egoera honetan ez dago besterik, ahalik eta gehien jo eta ahalik eta toki gehienetara iritsi eta espero dugu inoiz disko luzea ailegatuko dela. Baina, oraingoz aurrera egiteko lana baizik ez zaigu gelditzen”

Zaila da Kokeinek egiten duen musika definitzea, ez baita ohikoa gure artean halakorik entzutea, eta haien musika desberdina dela esatea ongi hartzen du Letek, “jendeari desberdina iruditzen zaiola entzutea ongi hartzen dugu, hori polita delako guretzat”. Gure inguruko norbaitekin alderatzeko orduan, “Zea Mays da burura etortzen den taldeetako bat, gehienbat neska baten ahotsa nagusitzen delako bien musikan. “Ez dugu eragin argirik, denetarik entzuten dugu, gure musika nahiko irekia da, hasiera batean funkyren eragin handiago zegoen baina diskorako gehiago zentratu dugu gure musika”.

**POSITIBISMOA**

Zenbaitetan Kokeinen musikak giro itxiak sortzen baditu ere, kantuetan alde positiboa bilatzen dutela esan du bateri-joleak eta horrek hitzetan isla duela zihurtatu du, “betiere ikuspuntu positiboa hartzen dugu gure abestietan, aurrera atera daitekeenaren aukera uzten dute, aurrera begira jartzen diren kantuak dira”. Besteak beste, estreineko diskoa osatzeko orduan, Pilt taldeko Rafa Ruedaren laguntza teknikoa izan dute eta bere laguntza inportantea dela esan du Letek, “ekoizpen artistikoa egin du Rafak, kantuak borobiltzen eta taldea bera sendotzen lagundu digu. Bere ekarpena oso inportantea izan da taldea nola ikusi behar genuen erakusteko orduan”.

“If you got bad news, you wanna kick them blues; cocaine. When your day is done and you wanna run; cocaine” zioen Eric Claptonek bere gaztetasun lisergikoan. Gu oraingoz, egun txarra dugunean Kokeinen musika entzutearekin konformatuko gara. Bada ezpada ere.

Deja una respuesta